Guzu
Post by On 07 June 2013 In Blog 2 comments

Sexu biografiak gakoa

Rate this item
(0 votes)

 Nork bere burua ezagutu, onartu eta nahi bezala adieraztea da sexu hezkuntzaren oinarrizko helburua, eta berau bideratzeko gakoa sexu biografiak dira; neskak eta mutilak egituratzen dituen prozesua.


Norbanakoaren sexuazio prozesuak, sexualitatearen garapenak, biografia erotikoak eta gizarteratze sexualak eraikitzen dute sexu biografiatzat ezagutzen duguna, eta honen bidez gizon eta andre bakoitzak izateko, bizitzeko eta adierazteko modu bereziak, bere-bereak, garatzen ditu. Biografia honekin, bestalde, besteengana hurbildu eta harremantzen gara, amatoria edo maitatzeko era anitz sortuz.

 

 Goazen arestian aipatutako elementuak banan-banan aztertzera:

Sexuazio prozesua izaki sexudun (gizon eta andre) egiten gaituen gertaera biologiko, psikologiko eta sozialen segida da, hainbat mailatan eta unetan ematen dena: maila kromosomikoan, gonadikoan (obulutegi eta barrabiletan), barneko nahiz kanpoko genitaletan, maila neuronalean, hormonalean, sexu esleipenean, autosexazioan, desio orientazioan, pubertaroan, afektibitatean, amatasun-aitatasunean... sexuazioa, beraz, sortze une berean hasi eta hiltzen garelarik amaitzen den zerbait da. Bide erabat pertsonala den arren, guztion sexuazio prozesuetan badira pausu batzuk errepikatzen direnak: aitzindari ezberdindu gabea, momentu kritiko batean, eragile sexugarrien ondorioz (geneak, hormonak, neuronak eta ideiak), sexudun bilakatuko da gizon eta emakume egiturak bereiztuz (dimorfikoan edo intersexualean).

Sexualitatearen garapena aipatzen genuenean, gutako bakoitzak sexudun moduan bizi, identifikatu eta adierazteko dugun era subjektibo eta bereziaz ari ginen. Nola bizi naizen neska edo mutil bezala, eta nola orientatzen naizen inguratzen nauten mutil eta neskengana. Adinaren arabera eta leku nahiz une historiko bakoitzari dagokion kulturaren arabera aldatzen den zerbait da hau, sinbolismoz beteta baitago.

Hirugarrenik, erotika ere aipatu dugu sexu biografiaren parte garrantzitsu modura. Adierazteko manera, ñabardura eta berezitasun multzoa da hau: garena eta bizi duguna; baina desirekin ere badu zerikusia: fantasia eta jokabideak. Hortaz, pertsona bezainbeste erotika aurki ditzakegu.

Gizarteratze sexuala kontuan hartzeko beste aspektu bat da biografia sexualez ari garenean. Gizarte taldeek helarazten duten ezagutza multzoa da: jarrerak, ohiturak, sinesmenak, jokabideak... jaiotzen garenez geroztik gurasoek, senitartekoek, lagunek eta gure inguru sozialak gai honen inguruko informazioa iristarazten digute bide ezberdinetatik eta estimulu hauek, jakina, eragina dute gugan.

Azkenik, gure biografia erotikoak gure buruaren ikuspegi bat ez ezik, besteekin harremantzeko molde bat ere dakarkigu. Amatoria edo maitatzeko arteak, hain justu, horri egiten dio erreferentzia: sedukzioari, ligatzeari, erakargarritasunari... 

Bi eredu, ala continuuma?
Ezberdintasunaz hitz egiten dugunean, gizon eta emakumeak bereizteaz alegia, edo, hobe esanda, maskulinoa eta femeninoa bereizteaz, bi planteamendu hartu behar ditugu kontuan: dimorfikoa (bi forma aurreikusten dituena: gizonezkoa eta emakumezkoa) eta intersexuala (bi punturen arteko continuum graduala planteatzen duena). Bi ikuspegi hauek kontuan hartzea lagungarria da sexu dimentsioa ulertzeko, lehenengoak jarraipen eta onarpen zabalduagoa izan duen arren, bigarrena uste baino ohikoagoa delako. 

Kromosomak (XX ala XY), gonadak (obulutegiak ala barrabilak), barneko genitalak (tronpak, umetokia eta bagina, ala isurketa kanalak), kanpoko genitalak (alua ala zakila) eta sexu identitatea eredu dimorfikoaren lagun izan daitezke, bat etor daitezke binomioarekin. 

Aldiz, neuronen, garunaren, hormonen, jokabideen, rolen... unibertsoa azaltzeko, baliagarriagoa zaigu continuum baten baitan eraikitzen den sexuaz hitz egitea (intersexualitatearen planteamendua).  Continuum honetan poloak muturreko errepresentazioak dira eta pertsonak, segida honen gradu edo puntu bat dira. Guztiok, hortaz, continuum berean gaude, baina bakoitza puntu batean. Horrela ulertzeak salbuespenak posible egiten ditu, pertsona bezainbeste posizio aurreikusten dituelako eta, beraz, adibidez, mutilak aurki ditzakegu garun femeninoaren sexu karaktereak islatzen eta alderantziz. Sexuen errealitatea ulertzeko intersexualitateak erantzun gehiago eskeiniko ditu.

Zer gara? Natura? Kultura?
Izan ere, sexu jokabideetan naturaren baldintzapena egon badagoen moduan, esperientziek, praktikak eta beste pertsonekin ditugun harremanek ere neuronak eta garun sistema aldatzeko gaitasuna dute. Eta egin dugu topo, berriro ere, biologia-kultura eztabaidarekin. Zeinen eragina da baldintzagarriagoa? Batak ala besteak determinatzen gaituela ulertzen dugu oraindik? Edota bien arteko harremanean (biologia-kultura) eraikitzen dira norbanakoen sexuazio prozesuak?

IGOR ERAUZKIN. GAZTEZULO 138zbka. – 2013/3

Read 7371 times Last modified on Sunday, 07 May 2017 20:05
  Guzu

2 comments

Leave a comment

Make sure you enter the (*) required information where indicated. HTML code is not allowed.

web design ConTrabajo y Creatividad You are here: Home Blog Sexu biografiak gakoa